XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbat eztabaida eta arratsalde gautuak ez ote dira pasatu alderdien egoitzetan slogan egoki eta mezu erakargarriak aurkitzeko... erdaraz!.

Eta beste horrenbeste gertatzen da komunikabideen munduan ere, egunkarien titularrak, albisteen laburbildumak eta berri garrantzitsuenen kontua ematerakoan.

Baina erdarari aitortzen zaiona, hitzez ez bada, eginez bederen, badirudi euskarari ukatu egin nahi zaiola, nonbait.

Ez da harrigarri, hortaz, holakoen kultur miopia honen kausaz, gure hizkuntza hainbat arlotan oraindik herren eta maingu ibiltzea.

Betorkigu beraz lehenbailehen zorioneko normaltasuna arlo honetara ere, eta horretarako, zalantzarik gabe, geure txaloak jo eta zorionak eman behar dizkiegu honelako liburuoi, aipatu dugun hutsune hori betetzera datozelako.

Eta orokortasunetik konkretura jaitsiz, esku artean duzun liburu honen merezimendu bereziak azpimarratzera pasatuko naiz.

Lehenengo eta behin, Euskaltzaindiak orain arte emandako arau guztiak ongi sistematizatu eta elkarturik azaltzen dira, bai eta beste autore berezilari batzuren ikerketen ondorioak ere, egileek argi aitortzen duten zorra berau.

Material guztiak, ordea, mailaka eskaintzen dituzte, irakurleak pausuka eta nekerik gabe ikasiz joan daitezen.

Biltze eta birmoldatzeko lan neketsu eta luze hau, besterik ez balitz ere, autoreei txaloak jotzeko adina litzateke, baina bada, bai, besterik.

Hasteko eta hau, zoritxarrez, maiz ahazten den kontua izaten da liburua bera predikatzen denaren eredua dugu, hizkuntza onarena, alegia, adibideak eta testuaren sintaxia beti ere ongi zaintzen baitira.

Bestalde, liburu batzuk orain arte arlo berezi eta interesgarri baina konkretuegiak landu badituzte, hemen, aldiz, gure hizkuntzaren gai orokorrak azaltzen dira, gramatikaren ikuspegi zabalekin.

Morfologian, euskal lexikoaren sorbideak arakatzen dira, erizpide segur bezain argiaz.

Ondoren deklinabidea erakusten da, hitzen kategoria gramatikalekin segitzeko.

Aditzak ere bere lekua du, berau ongienik aztertu duten hizkuntzalarien azken eritzien arauera arakatu eta azaldua izanez.

Aparteko aipamena merezi du, nik uste, sintaxia ongi jorratzeko autoreek erakusten duten ardurak, bai perpaus bakunaren eta bai perpaus osatuen sailkapena eta ezaugarriak xeheki jarriz.

Euskaldun guztiok barruan daramagun joera puristak maiz sentiberatasun handia izaten du lexiko mailako erdarakaden aurka baina (...).